Henry Davi Thoreau, ekologiaren eta desobedientzia zibilaren aitetarikoa zenbait urtez basoan bizi izan zen. Esperientzia hartan oinarriturik Walden liburu gogoangarria idatzi zuen, gure izate indibidual eta menderaezinaren funtsaz, hala nola, natura eta planeta babestu beharraz gogoeta egiten duena. Inguru haietako ohiko hots, zurrumurru, murmurio eta aurreikusi ezineko xuxurla artean pasatako denboran jaso zituen soinu-sentsazioak deskribatzen ditu pasarte batzuetan.
Egungo panorama artistikoan eragin nabarmenetarikoa duen John Cagek dioenez, bi urteko bakarraldiaren ostean, Thoreauk, familia artera Concordera itzuli zenean musika edonon dagoela esan omen zuen, eta entzutea dela, beti ere, geratu eta hasten dena. Hain zuzen ere, Aaron Coplandnek Musika nola entzun ospetsuan azpimarratzen zuen, soinu-hizkuntzaren baitan egon daitekeen transzendentzia erradikal guztia ulertzeko, guztiz beharrezko dela, musikara, ezagutzaren eta bereziki jakin nahiaren bidetik hurbiltzea.
Bizitza naturan deskribatu nahian konposatutako obrez josia dago musikaren historia. Antonio Vivaldiren Lau Urtaroak herrikoiean, berebiziko arrakastaz interpretatzen dira hotz sentsazioak, hortz karraskak, gorputzaren dardara edo ekaitzaren bortitza. Beethoven ere naturaren maitale handia izan zen eta mendian zehar pasioan ibiltzeaz maiz gozatzen omen zuen. Bere Sinfonia Pastorala erromantizismo naturalistaren adibide adierazgarrietakoa dugu. Joseph Haydnenek, Urtaroak oratorioan, nekazal dantzei eta txorien kantei dien maitasuna deskribatzen du. Schuberten Amuarrainak, ibaian dabilen arrainaren gorabeherak kontatzen dizkigu umore giroan. Jean Sibeliusen konposizioek maiz iradokitzen digute basoetako edertasuna eta bakardadea. Gizakiak, inguruko izadiarekin duen armonia islatzen saiatu zen Antonin Dvořák Naturan obraren oberturan. Aaron Coplandek omenaldi pertsonala egin zien Apalatxe mendiei Apalatxe Udaberria balletean, Richard Straussek Sinfonía Alpinoan Alpe mendien koloreekin egin zuen antzera. Debussyren Hiru Gautar edo Itsasoa musika deskriptiboari dagozkion maisu lanak dira. Zer esanik ez, aski ezaguna den Igor Stravinskyren Udaberriaren Konsagrazioa. Edvard Grieg, Paul Hindemith, Maurice Ravel edo Tore Takemitsu ere, natura, noizbait, beren musikaren ardatz bihurtu zuten konpositore ezagunen zerrenda amaigabearen parte dira.
Txorien kantuekin konposatuak dauden Txorien iratzartzea edo Txori exotikoak bezalako Olivier Messiaen obra ezagunen eragina soma daiteke, kasurako, esku artean dugun Txoriei honetan. Obra honen hiru egileetako bat – François Rossé pianista, konpositore eta inprobisatzaile alsaziarra-, ez baita alferrik bere ikasle nabarmenetako bat izan. Berarekin batera aritu dira, Mixel Etxekopar, xirulari, kantari eta, 2015ean obra hau lehedabizikoz eskaini zen Gotañeko (Zuberoa) XIRU jaialdiaren burua, eta Migel Zeberio, proiektuaren interpretatzaile Et Incarnatus orkestraren zuzendaria.
Elkarlan haren fruitua da proposamen hau. Musika deskriptiboan kokatzen bada ere, obra hau beste aurrekari batzuetaz ere elikatzen da, hala nola, serialismoaz, dodekafonismoaz, minimalismoaz eta inprobisazioaz, baina baita erromantizismo wagneriarraren klasizismo sinfonikoaz ere, edo sustrai herrikoiekin harremana duen musikaz. Izan ere, kanta herrikoietan edo operan gertatzen den antzera, testuen eta ahozko hizkuntzaren bidez zabaltzen da hau ere.
Obran zehar aintzinako doinuak agertzen dira, hala nola, artzainek, belatxaren hegaldia irudikatuz txistukatzen zituztenak. Doinu hauek, aurrehistoriako xirula baten erreplikarekin sorturiko soinu ernai eta zehatzekin harilkatuko dira; sai arre baten hezurrez egindako xirula, hain zuzen ere. Elektroakustikoki prozesatutako soinuak, mediterranear kutsuko perkusioak eta harizko formazio bateko musika-tresna klasikoen eskutik lorturiko efektu harrigarriak ere entzun daitezke. Guzti hau, sentsazio libre eta garbiak jomuga dituen kontzeptu musikal, ez transgresore, baizik eta introspektibo baten mesedetan.
Beraz, ororen gainetik, musika garaikidetzat baino gehiago, musika egiteko modu garaikidetzat har genezake Txoriei. Obra honek, edozein espazialitate eta denboratasun zehatza gainditzeko gaitasuna du, Miel Mari Elosegiren eta euskal tradizio errotuenaren eskutik, Tolosatik Alsaziara eraman gaitzakeelako – hortik lan honen eleaniztasunerako joera- edo kuku eta enarek eta beste hainbat txorik neguko bizitoki izango dituzten Afrikako parajeetara.
Musika mugaz gaindiko hizkuntza unibertsala denik auzitan jarri gabe, egoera eta ingurumari zehatzetan sortzen denik ere ezin uka, munduko toki jakinetan bizitutako esperientzia konkretuen bidez bideratzen baita. Lokala eta globala, kultura eta natura, artea eta bizitza elkar hartuta ikusten ditugu berriro ere, Txoriei obran. Musika, soinu sustantzia bilakatzen denean, bizitzak eta arteak, funtsean, ez dute alderik, munduko soinuen entzuketa ezin baita berezi norbanakoaren etikatik eta erantzukizun kolektibotik. Azken batean, eta Thoreaura itzuliz, arteak eta bizitzak ahalbidetzen digute, ezagutza eta gertuko zein planeta mailako izadia babestea – Amalurra –, eta baita, gure izate indibidual eta menderaezinaren, baina aldi berean unibertsal eta solidarioaren muina.
Santiago Eraso
Proiektu honi izenak eman dio izana. XIRU jaialdian sortu zen, Zuberoko Gotainen 2015eko martxoan. Aitzineko urtean bildu ziren Mixel ETXEKOPAR, François ROSSE eta Migel ZEBERIO. Lehen urratsetan artista hauek Et Incarnatus Orkestrarekin topaketan finkatu zuten lan ildoa. Bertan, ahozkotasuna eta idatzia lotzen dira, bai Rossé-ren konposizio lanean, bai beste musiketan, inprobisazioa ere naturalki sartuz. Ororen buru musika garaikidea baino gehiago musika egiteko manera garaikide bat duzue hau. “Eskuaren Txoria” François Rossé-ren musika berriaren inguruan josi da euskal musika – kantu herrikoi eta oraingo euskal konpositoreen obra andana ere bilduz.
ARTISTEN AURKEZPENA:
* François Rossé (1945, Alsazia) Piano jole, konpositore eta inprobisatzailea. Olivier Messiaenen ikasle izana. Pariseko goi mailako kontserbatorioan sariztatua. Nazioarteko konposizio sariduna. Orkestra sinfoniko zein bakarlarientzat seiehun obratik gora sortuak ditu. Besteak-beste Frantziako « Ensemble Inter Contemporain » proiektu handi bat burutu du 2016ean. Musikan nola bizian eleaniztasuna erabiltzen du, alsaziera ama hizkuntza, Europako tradizio klasikoaren ondarea bereganatuz eta beste tradizio andanatan murgilduz. Mixel Etxekoparrekin EHko artea topatu du eta hau izanen da urrats bat gehiago. Transhumantzia proiektua grabatu zuen Mixel Etxekoparrekin (CD-ELKAR) bai eta ASPALDIAN proiektua Izturitzeko harpeetan (CD-DVD-ZTK)
* Mixel Etxekopar (1963 Gotaine – Zuberoa): Xirulari, kantari, XIRU jaialdiaren arduraduna. Hamarkada honetan tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu, hala nola ASPALDIAN proiektua, Izturitzeko harpean sortu den musika, bertako xirula paleolitikoa joz. Zaharrean berria bilatzen du eta berrian… betikoa aurkitzen!
* Et Incarnatus Kamara Orkestra 1996.
*Migel Zeberio (1966 – Tolosa)
José A. San Miguel Alfaro Zaragoza 1967an. Gasteizko eta Donostiako kontserbatorioetan akordeoiko goi mailako titulua eta Euskal Herriko Unibertsitatean ingeles filologiako lizentziatura eskuratu ondoren, Parisera joan zen, eta han musikagile handien aholkuak hartu ahal izan zituen, besteak beste Isabelle DUHA, Guy LAURENT eta, bereziki, Claude BALLIF maisuarenak. Oposizioak egin ondoren, Orthezen hasi zen pedagogia-lanetan. Konpositore Euskal-nafarren Elkartearen lehendakaria izan zen, eta hiru urtez egon zen kargu horretan.
Oso katalogo luzea eta zabala du, eta bertan aurkitzen ditugu musika garaikide sinfonikoa, bandarakoa, ganberakoa, elektronikoa, instalazio akustikoak, dokumentalentzako musika, publizitatea, telebista, euskarri digitalentzako musika (DVDak, Internet …), balletak, korurako egokitzapen asko, egokitzapen instrumentalak …
Gaur egun konposizioarekin eta musika-zuzendaritzarekin aldizkatzen du bere lan pedagogikoa, eta estetika berriez nahiz herri-tradizioaz arduratzen da.